XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1990 BERRIA?

Hainbat zarata eta musika, hitz eta pitz bazterretik bazterrera, margozko argiak, kontsumoaren argazkiak, loteria, zozketak, komunikatuak... zenbat ezkila, zenbat kanpaijole... baina oihu komertzial horien artean, bada gaurko ezkilaren soinua, oihu bat, lehengo denboretako su-deiaren antzekoa.

Etxe bat sutan jartzen bazen, eliza dorreko dangak herritarrak esnatzen baizituen eta beharretan ziren jendearengana laguntzera deitzen... hala izango ote da urte berriaren sinfonia?

Irakaspen bat badauka, ezin duguna inoiz ahaztu: gizona dela lehen.

Guretzat bada lege bat, beste guztiak baino goragoa: gizona gizon.

Kopuru, kontuen eta azkenean diruaren nagusigoak ez du sekulan gizona lehertu behar.

Gure herriak badu ontasunik, baina baliogarrienak jendeen bihotzetan gordeak daude: zeu zara garrantzizkoena.

Zergaitik ez urte hau zeure urtea egin?: eraberritzeko, zeurekin topatzeko, etxekoak estimatzeko, lehengo adiskidetza berotzeko, ohitura onak birrindartzeko, gertakari ilunen artean esperantzazko deia somatzeko.

Esperantzazko deia digu adierazten azkeneko gertakizunek; zergatik ez 1990 gizakiaren urtea bihurtu?

Bada etxegintza ederrik, dorre luzerik, izarretarainoko tresnarik, atomika indarrik, baina gizonik?

Bada bazterretan nahigabeza, ogirik-eza, lanik-eza, baina senidetasunezko eta zuzentasunezko eskurik?

Bada goserik, tirorik, hondamenik, baina nola askatasun bideak, maitasun urratsak urratu eta ikusi?

Beti gehiago izatearen ametsez arduratuta bizi izateari uko egiten badiozu; eta zaren eta daukazun guztia beharrean daudenen zerbitzuan jartzeko erabakia hartzen baduzu: URTE BERRI ON.

Gure ezberdintasunak banaketa eta elkar ulertezinaren ikurrin egiteari uko egiten badiozu (...).